Skip to main content

Biografia

Nicolas de Lekuona Nazabal 1913ko abenduaren 19an jaio zen Ordizian, eta Blas eta Mariaren zazpi seme-alabetatik lehena izan zen. Beasaingo Hermanos Cristianos Eskolan ikasi zuen eta geroago Donostiara joan zen Madrilgo Aparejadoreen Eskolan sartzeko prestakuntza jasotzera.

1932ko udan egin zuen lehen erakusketa Ordizian, “pintura industriala” izendatu zituen lanekin. Sarriegi, Zurutuza eta Quílez artistekin batera aurkeztu ditu bere lanak.

1932an Madrilera joan zen Aparejadore Eskolan hiru urtez esturiatzeko. Han, Goya kalean bizi da eta garaiko ingurune intelektual aberatsenean murgildu da. Batetik, Pombo kafetegian Ramon Gomez de la Sernak zuzentzen duen tertulian parte hartuko du, eta, bestetik, Jorge Oteiza, Joaquin Gurrutxaga, Pedro Mozos eta Martin Gamoren lagun egingo da.

1933an bigarren saria irabazi zuen bi urtean behin egiten den “Artista Berrien Erakusketan”. 1934an bere marrazki eta argazkiak erakutsi zituen Donostian, Oteiza eta Balenciagarekin batera. Urte horretan bertan, “formak paisaian” izeneko olioa bidali zuen Bilboko Arte Ederren Museoak hartzen duen Euskal Artisten erakusketara. 1934ko udan Ordizian lan egiten du Oteiza eta Sarriegi lagunekin. Martin Gamo eta Pedro Mozos ere etorriko zaizkio bisitan.

1935ean Oteiza eta Balenciaga Ameriketara joan ziren. Berak bere lan batzuk Gipuzkoako Artista Berrien Erakusketara bidaltzen ditu beste behin, baina ez dituzte aukeratzen. Urte horretan, Noreste poesia eta arte aldizkarian bi marrazki argitaratu zituzten. Gasteizko 5 aldizkaritarako lanean hasi zen, baina gerragatik utzi behar izan zituen.

1936an Ordizian bizi da eta Donostian egiten du lan Florencio Mocoroa arkitektoarekin. Francoren tropek Ordizia konkistatu ondoren, falangista egin beharrean aurkitzen da eta Prentsa eta Propaganda Sailarentzat eta elkartearentzat lan egiten du Aizpuruak, Olasagastik, Lagardek eta abarrek sortutako "GUren hamabostaldia”.

1937ko ekainaren 11n hil zen, Fruizko frontean kamillero lanak egiten ari zela, gaizki ulertu baten ondorioz gertatutako eraso batean fronte nazionalak berak egindako bonbardaketa baten ondorioz.